Ziur guztiok jakin badakigula txalaparta herri musika-tresna dela. Baina tresna honen gainerako ezaugarriak ez dira hain ezagunak. Perkusio talde barruan sailka dezakegun arren, bere nortasun bereziaren erantzule ez da duen itxura, jotzeko modua baizik. Txalaparta jotzeko gutxienez bi pertsona behar da, izan ere, sagardoa egiteko sagarra zanpatzea bezalako joko-erritmikoetatik baitator. Segurueneik, Sestaon txalaparta jotzen ikas dezakezuela badakizue. Honen errua 1990.eko azaroan Zugarramurdi izenpean batu ziren zenbait gaztena da.
Udaletxeak, jai-batzordeak, eskolak, ikastolak, institutuak, kultur, ekologi eta politika elkarteak, entepresak… eta mota guztietako elkarteei esker 20 urte pasa dira eta 380 emanaldi burutu ditugu. Gehiengoa ezkerraldean bertan, baina Euskal Herriko auzo eta herri askok ezagutu gaitu. Atzerrira ere joan egin gara (Errioxa, Cantabria, Asturies, Catalunya, Salamanca, Guadalajara, León, Bretainia, Portugal, Belgica…). Jotzeko izan ditugun aitzakiak, era berean, mota askotakoak izan dira: kirol-omenaldiak, inagurazio, euskara edo euskal kulturaren aldeko ekitaldiak… Poesia, teatro, dantza, afrikako perkuzioa, tekno-musika… bezalako disziplinak txalapartaz lagunduz hainbat taldekin lan egiteko aukera ere izan dugu.
Trapaga, Errekalde, Santutxu, Areatza, Izarra, Ozeta, Urretxu eta Uharte herrietan Sestaoko txalaparta eskolak Bizkaia ordezkatu du eta “Sestao” izena txalapartari handien izenen artean entzunarazi du. Urtero Gasteizen egiten duten Txalaparta Maratoian 7tan egon gara, 5etan Gaiartako Sagardo egunean eta 6tan ekintza mota hauen artean nagusiena eta zaharrena den Hernaniko txalaparta festan. Honez gain, txalapartarik onena Sestaoko bizilagunei hurbildu nahian, 6 ediziotan sestaoko txalaparta eguna antolatu dugu.
Ia 200 lagun, gehien bat herriko gazteak, Sestaoko txalaparta eskolako aretotik pasatu dira. Eskarmentua eta zenbait eskolen laguntzari esker, ikasleei eskaintzen diegun metodologia eta edukin teorikoak hobetu eta hainbat talde erabiltzen duen ariketa-bilduma sortu dugu. Gaur egun urriak izan arren, didaktika mailan dauden errekurtso didaktiko gehienak batuz, biblio/bideo/fonoteka sortu dugu.
2007-11-11
Suscribirse a:
Entradas (Atom)